Gure iritziz, ikasleak zoriontsu izatea oso garrantzitsua da eta zoriontasuna eta arrakasta emozioekin guztiz lotuta daudenez, adimen emozionala garatzen dugu.
Elkarbizitza egokia lortzea eta ikastola ingurune segurua izatea funtsezkoak iruditzen zaizkigu. Horretarako, KiVa programaren laguntza daukagu: hari esker, eskola jazarpen kasuak saihestu ditzakegu eta, behar denean, eraginkortasunez esku hartu. Hori guztia familiekin gertuko harremana mantenduz gauzatzen dugu.
Ikasleek bizitzako egoera errealei aurre egiteko gaitasun osoa izatea ahalbideratu nahi dugu. Jadanik jakitea ez da nahikoa, egiten jakitea baizik.
Horretarako, konpetentzietan oinarritutako hezkuntza eramaten dugu aurrera. Bestetik, elkarrekin kooperatuz ikasteko eta kooperatzen ikasteko, IKKI programa dugu.
Ikasle euskaldun eleanitzak hezten ditugu eta eginez ikasten dela sinesten dugunez, gure etapako txikienekin manipulazioan eta jokoan oinarritutako jarduerak bultzatzen ditugu.
Gure ikasleek basoan edo ikastolako ingurune naturalean jolastuz, esperimentatuz eta ikertuz ikasten dute. Naturak eskaintzen dituen onurak eta baliabideak aprobetxatzen ditugu ikasleek hainbat ezagutza eta balio barneratzeko eta batez ere haien artean hainbat esperientzia partekatzeko.
Matematika manipulatiboa matematika ikasteko metodologia berri bat da eta eskura ditugun materialetan oinarritzen da. Eguneroko adibide eta praktika errealetan oinarritutako matematikak ditu abiapuntu kontzeptuak eskuekin sentituz, biziz, jolastuz eta gauza bera egiteko bide ezberdinak daudenean, denak aktibatuz.
Metodologia eraginkor honekin haurrei matematika kontzeptuak ulertzeko bidea irekitzen zaie, ikasgaia esanguratsuagoa eginez. Matematikako saioak esperientziaz betetako saio erakargarri eta dibertigarriak izan daitezkeela frogatzen da jolasari eta material manipulatiboei esker.
Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak sortu zuen programa honen helburua irakurtzeko gaitasuna hobetzea da, beharrezkoa baita ikasleek eskola-arrakasta lortzeko. Irakurketaren konpetentzia oso garrantzitsua da eskolan emaitza onak izateko, bizitzan zehar ikasten jarraitzeko eta baita gozatzeko ere. Ekimen honekin, ikasleen artean dauden hainbat irakurketa gaitasun erabiliz, haur guztien ikasketa prozesua indartzea lortzen dugu.
Programa berdinen arteko tutoretzan oinarritzen da: bikoteak egiten dira, batek irakasle papera egiten du eta, besteak, ikaslearena. Honenbestez, biek irakur-ulermena hobetzen dute.
Herri Ametsan adin desberdineko ikasleen artean antolatzen dugu, kidetza bultzatuz. Ilusioz eta gogoz ari gara programa aurrera eramaten eta azken urteetako esperientzia oso baikorra izan da.
Ikastolaren kokapen aparta kontuan izanda, ezinbestean, naturari lotutako heziketa eskaintzen dugu. Bizitzarako garrantzitsuak diren ezagutzak eta balioak ulertzea eta bizipenak partekatzea dugu helburu. Horretarako, gure ingurune natural aberatsa taldean balioetsi, zaindu eta gozatzen dugu. Izan ere, kalitatezko ikaskuntza esperientzia eta emozio bidez lortzen da.
Esperientzia erreal eta anitzak jartzen ditugu ikasleen eskura: Mendiola urmaela, Eskola Agenda2030 eta eskola baratzea.
Herri Ametsa ikastola, besteak beste, euskara eta euskal kultura sustatzeko eta transmititzeko sortu zen. Horregatik jartzen dugu, gaur egun ere, euskara erdigunean eta dihardugu egunero euskararen alde.
Ikasturtean zehar zenbait ekimen antolatu eta gure kulturaren parte diren festak ospatzen ditugu: San Tomas eguna, Santa Ageda, Gau Beltza, Danborrada, inauteriak, bertso saioak, dantzari eguna...Geure kulturaren hartzaile soil izatetik partaide eta sortzaile izatera bideratzen ditugu gure ikasleak.