GAUTENA autismoaren nahasmena gertutik bizi duten familien elkartea da. 1980. urtean ikastetxe arruntetan integratutako gela egonkorrak sortzen hasi zen eta Herri Ametsa ikastolan 2020-2021 ikasturtean zabaldu genuen 20. gela.
Gure ikasleek euren hezkuntza prosezua gurasoek aukeratutako ikastetxean hasten dute. Ibilbide horretan, momentu jakin batean, gaur egun hezkuntzak eskeintzen duen ikasketa eredua ez da beraiei egokitzen. Hori horrela, beraien beharretara moldatzen den aukeretan pentsatzen du Berritzeguneak. Aukera horietako bat, Gautenako gela egonkorrak dira.
Gure geletan etapa bereko adin desberdinetako ikasleak elkartzen dira; gurean, esaterako, 6-12 urte bitartekoak. Bertan haur bakoitzaren behar eta gaitasunak identifikatuta, ikasle bakoitzari bere proiektu eta helburuak sortzen dizkiogu. Gainera, beraiei egokitzen den espazioa eskeintzen saiatzen gara, txoko edo eremu ezberdinak ongi bereiziz eta estimuluak ekidinez. Baliabideak ere, beraien beharretara egokitzen ditugu ikasle bakoitzari behar duena eskainiz.
Profesionalei dagokionean ere egonkortasuna eskaintzen saiatzen gara, irakasle eta hezitzaile berdinak mantenduz, beraientzat hori oso garrantzitsua baita. Profesionalen taldea lau pertsonak osatzen dugu normalean, irakasle bat, hezitzaile bat eta bi zaintzaile.
Ezin dugu ahaztu gure ikasleek gela arrunteko erreferentzia ez dutela galtzen, hau da, gure gelatik ikasle bakoitzaren inklusioa koordinatzen dela, horrela ikasgai batzuk beraien adineko ikasleekin partekatuz. Horretaz gain, ikastolakoak diren espazio komunak ere elkarbanatzen dituzte, jangela eta jolas garaia adibidez.
Umeek askotan mediku bisitak ez dituzte oso gogoko izaten. Esperientzia horiek atseginagoak izateko asmoz, kontsultetan egiten diren ohiko azterketak errepikatzen saiatzen gara antzezpenaren bitartez (rol playing). Hala nola, tenperatura hartu, auskultatu, zauriak sendatu, belarriak begiratu…
Gure gelan asteroko ekintza dugu musikakoa. Ostiralero, bost kantaz osatutako musika saioa egiten dute gure ikasleek. Irakasleak zuzendutako saioa izaten da eta, bertan, hainbat helburu lantzen dira. Nagusienetarikoa, musikaz gozatzea da. Horrekin batera, koreografiak ikastea, abestea, instrumentuen erabilera… lantzen da.
Herri Ametsak eskaintzen digun berezitasun aipagarri eta garrantsitzua bere kokapena da, gure ikasleentzat hain beharrezkoa den natura ate ondoan baitaukagu. Astero, mendi bueltak egiten saiatzen gara gure ikasleek naturak eskaintzen dituen hurbiltasun eta ongizatea senti ditzaten.
Gure gelako ikasleei euskaraz hezteko baliabideak eskaintzen dizkiegu. Are gehiago, euskaraz bizi gara. Adibidez, piktogramek, irudiaz gain, azpiko oharra euskeraz daramate, euskal musika entzuten dugu (Ene Kantak, Pirritx, Porrotx eta Marimotots…), ipuinak irakurtzea asko gustatzen zaigu eta ikastolan euskal kulturarekin lotutako hainbat ekitalditan parte hartzen dugu: San Tomas, Olentzero, Santa Ageda…