COVID 19 
Eskolaz-kanpoko orduetan kasu positiboa egon dela ikastolari adierazteko telefono hauetara deitu. / Teléfonos de contacto con la ikastola, fuera del horario escolar, en caso de positivo en COVID. 682 444 658 - 605 758 064

Oihana Latasa eta Ines Etxaniz elkarrizketatu ditugu, ikastolako guraso izateaz gain, Altzako Gau Beltzaren antolaketa taldeko kide baitira. Maiatzetik ari dira lanean buru belarri eta halaxe harrapatu ditugu, “buruan gauza pilarekin”. Egun handia igandean izango bada ere, hainbat ekintza daude antolatuta aste honetarako.

Zerk bultzatu zintuzten Altzan Gau Beltza antolatzen hastera?

Oihana Latasa: Niri Orereta ikastolak Gau Beltzaren bueltan 2019an antolatutako festa ikusi eta gero piztu zitzaidan gogoa. Lagun artean komentatu genuen Altzan ere horrelako zerbait egin genezakeela. Hortik denboratxo batera, ikastolako guraso eta Bizarrain Euskara Taldeko kide den Izko Lekuonak ospakizuna aurrera ateratzeko konpromisoa adierazi zidan eta ea martxan jarriko ginen. Horrez gain, ikastolan kalabazak landatu genituen. Horrela hasi zen dena.

Ines Etxaniz: Nire kasuan, zerbait entzuna nuen arren, Gau Beltzaren ospakizuna ez nuen ezagutzen eta ikastolako aita bat kartel bat jartzen ikusi nuenean lotu nintzen antolakuntzara. Aspalditik kokoteraino nengoen Halloween festarekin; oso arrotza egiten zait, gure kontra doana eta, hala ere, gaztetxoen artean zabaltzen jarraitzen du. Gau Beltza berreskuratzearena oso ideia ona iruditzen zait, justuki behar duguna da.

Inguruan zer nolako kontzientziazioa sumatzen duzue Gau Beltzarekiko? Halloweenen eragina handia al da?

O.L: Jendeak oraindik Gau Beltza Halloweenekin lotzen du eta, ondorioz, okerreko ideia sortzen dute festaren inguruan. Adibidez, goxokiak eskatuko ote diren galdetzen dute, mozorrorik erosi behar ote den… Gure ospakizun honetan, ordea, etxean daukagunarekin mozorrotzea bultzatzen dugu. Kontsumismo horren guztiaren kontrakoa da.

I.E: Hori da. Halloweenek, atzerriko festa bat inposatzeaz gain, kontsumitzera bultzatzen du jendea. Mozorroa erosi behar izatera, hasteko. Gainera, gurekin zerikusirik ez duten mozorroak dira.

O.L: Ziur nago gure festan parte hartuko duten asko Halloweenen kutsua duten mozorroak jantzita joango direla. Transmisio lan handia egin behar da oraindik.

Maiatzean hasi zineten lanean. Orain arte egindako lanaren zer balorazio egiten duzue?

O.L: Positiboa. Hasieran oso galduta geunden, ideiarik gabe, eta mahai gaineratzen zirenei nola heldu jakin gabe.

I.E: Orain, oso bestelakoa da egoera. Ni bukaerako fasean ez naiz egon, baina kontaktuan gaudenez, ikusten dut bilera bakarrean izugarri aurreratzen dutela eta ideia asko dituztela. Jendea oso gogotsu dabil.

Hastea da kontua, ezta?

O.L: Bai, askotan hori izaten da zailena.

I.E: Gainera, oso polita da prozesua ikustea.

O.L: Gure ikastolaz gain, auzoko eta inguruko beste pertsona batzuk ere parte hartzen ari direla ikustea, esate baterako.

I.E: Nik haurrak ere oso pozik sumatzen ditut. Nireetako bat, adibidez, oso ilusionatuta dago mozorroarekin, baita ere lagunekin pelikula ikustera joatekoa delako.

Egun handia bertan da, laster ospatuko dugu Altzako Gau Beltza. Zerk egiten dizue ilusiorik handiena?

O.L: Garai bateko ohitura bat nolabait berreskuratzea posible dela ikusteak. Ez dakigu zehatz-mehatz lehen nola egiten zuten, baina jaso dugunetik abiatuta ohitura zahar bat gure egin dezakegula ikustea niretzat oso polita da.

I.E: Horrez gain, jendeak Gau Beltza ezagutzeak ere pizten digu ilusioa. Uste dugu jende askok ez duela oraindik ezagutzen eta horren berri jakitea jada lorpen bat izango da. Beste batzuk parte hartuko dute eta baita asko gozatu ere. Oso ondo pasako dugula uste dut.

O.L: Orain dela gutxi, kartel bat ikusi nuen herri txiki batean eta honakoa zioen: goazen kalabazak piztera ohiturak berpizteko. Asko gustatu zitzaidan. Guk ere horixe egingo dugu; kalabazak piztuko ditugu eta ea zer pizten den jendearen inguruan!

Zer plan duzue egunotan?

O.L: Igande aurretik hainbat ekintza daude antolatuta: ipuin kontaketa, pelikula, mozorro eta kalabaza tailerra… Gainera, ikastetxe bakoitza bere lanketa egiten ari da egunari begira. Hainbat modutan har daiteke parte, programazio polita antolatu baitugu. Egun izugarria izango da igandekoa.

I.E: Bai horixe! Gure asmoa hara joan eta behar denean laguntzea da. Lan taldeak sortu ditugu eta horrela banatuko gara, beharren arabera.

Zer esango zeniokete oraindik izena eman ez duenari?

I.E: Gugana batzera animatzen zaitugu, laguntzera eta ondo pasatzera. Nahi eta ahal duzun denboran zehar izan daiteke, ordu beten bada ere.

O.L: Edozein modutan har dezakezu parte: ikusle gisa, ibilbidea gurekin batera eginez, lanean…

I.E: Mozorrotzera ere animatzen zaitugu, badago eta hori gustuko duen jende asko.

O.L: Atera etxean daukazun edozein zapi edo trapu eta horiek jantzi. Batzuei aurpegia estaltzea gustatzen zaie, beste batzuek nahiago dute aurpegia margotu, norberaren araberakoa da. Beraz, janzten ez dituzun arropa horiek atera, moztu, josi, zulatu eta gainean jarri, ez da besterik.

Laguntzeko izena eman nahi baduzu, bete honako inprimakia mesedez: Altzako Gau Beltza 2021 (google.com)

 

 

 

 
 
Cookien erabilera

Cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu zure nabigazioa ahalbidetzeko, gure zerbitzuak aztertzeko eta helburu analitikoetarako, zure nabigazio-datuak aztertuta. Klikatu hemen gure cookien politika ezagutzeko. Aukeratuta dauden Cookie motak onar ditzakezu "ONARTU" botoia sakatuta edo haien erabilera konfiguratu/baztertu Cookie mota bakoitzaren gelaxka aukeratuta.

Cookie teknikoak Pertsonalizazio-cookie-ak Cookie analitikoak Jokabide-publizitateko cookie-ak