“Berdeak gida beza auzoen sorrera” aldarrikatu diote Donostiako Udalari gure LH eta DBHko ikasleek.
Ikasturtero bezala, aurten ere Agenda 2030i dagokion helburua landu dute geletan. Donostia inguruko lehorreko ekosistemei buruz hausnartzeko beta izan dute, basoen inguruan aritzekoa, alegia. Ikasturte amaierarekin batera, iritsi da Udalari gure eskaerak bideratzeko garaia. Bizi dugun osasun-egoeraren ondorioz, baina, aurtengo Udal Foroak ez du ohiko formatua izan; ikastetxeetako ordezkariak ezin izan dira ohi bezala Udaletxera joan beren konpromiso eta eskariak aurkeztera. Aurten, on-line egin da Eskolen Arteko Foroa eta bertan, bozketa bidez, udalari egiteko eskaera esanguratsuenak aukeratu. Eskaera horien guztien artean, gure ikasleek egindako bat hautatu da. Horregatik, eskaera eta egindako lana Udalari ezagutarazteko bideoa grabatu dugu.
Basoen biziraupenaren aldeko sentsibilizazio errimak sortu ditu Patruila Berdea taldeak eta Hugo Elorza, Alazne Martinez, Eñaut Vicente eta Nahia Barrutia ikasleek rapera ekarritako bertsoak lau haizetara zabaldu dituzte gure inguruko basoetan.