Itsasoko ekaitzak ikusiz, urtxintxak behatuz, behiak parkekide ditugula... Uliako baso ederretan gozatzen dugu egunerokoan gure ikastola. Natura dugu bizilagun eta jolasean eraikitzen ditugu ezagutzak.
Haurtzaroa da norberaren aberria eta garai honetan bizitako esperientziek eta, batez ere, sentitutakoek aztarna sendoa utziko dute. Horrela eraikiko dute gure txikiek beraien barne mundua.
Haurtzaroan, jolasa, jarduera naturala da eta, gozatzeaz gain, sormena garatzeko aukera ematen du. Haurrak bere gorputzaren autokontrola lortzen du jolasaren bitartez; lagunekin, objetuekin… oreka eta giharrak lantzen dituzte. Aldi berean, sortzen diren liskarrak kudeatu behar dituzte eta horrek erabakiak hartzera bultzatuko du haurra. Horrek guztiak garrantzi handia dauka adimenaren garapenean.
“Ahaztuko dugu esandakoa, baina inoiz ez sentitukoa” eta hori da gure helburua. Egunero egunero, gertukoak, alaiak, biziak eta umorez beteriko ahotsak dantzarazi nahi ditugu Herri Ametsa ikastolan. Euskara gertukoa eta egunerokoa sentitzen dugu eta euskaraz bizi nahi dugu.
Gure Haur Eskola mugimendu askean eta esperimentazioaren bitartez ikasteko espazio librea da. Haur bakoitzaren erritmoa errespetatzen da, norberaren nortasuna eraikiz. Ingurune berezi honetan konfiantza sustatzea eta haurrak zoriontsu izatea dira gure helburu nagusiak.
Haurtzaroa da norberaren aberria.
Ikertuz, ukituz, usainduz, dastatuz eta inguratzen gaituen mundua ezagutuz, haurraren barne mundua eraikitzen hasteko garaia da, helduak bidelagun. Zein ziraragarria den haur bakoitzaren barnealdea azaleratzen laguntzea!
Garai honetan zehar bizitako esperientziek behin betiko aztarna utziko dute eta guk horren lekuko izan nahi dugu.
Jolasa jarduera naturala da eta gozagarria izateaz gain, sormenaren garapena indartzen du.
Haurrek haien gorputzarekin, objektuekin eta lagunekin egiten dituzten jolasen bitartez, indarra, giharren kontrola, oreka, hautamatea eta beraien gorputzaren erabileran ziurtasuna lortzen dute.
Era berean, adimenaren garapena suspertzen du jolasak eta zuzena zer den erakusten digu. Akatsak egiteko aukerak ematearekin batera, ezagutzak martxan jarri eta arazoei konponbideak topatzeko askotariko aukerak eskaintzen dizkigu.
Jolasaren bidez lenguaia, oroimena eta arreta ere garatzen dira.
Gure bizitzaren lehenengo urteetan, natura jolas-parke handia da eta jolastuz ikasten dugu bertan. Haurtzaroan, ingurune naturalarekin etengabeko harremana izatea oso onuragarria da ikaskuntzari eta norbere garapenari begira. Ikasteko gogoa eta jakin-mina pizten ditu eta lasaitzen ere laguntzen du. Horrez gain, arintasuna eta garapen motriza ere lantzen dira.
Naturaren bidez, haurraren garapen integrala bilatzea dugu helburu eta natura zainduz, gure amalur kuttuna eta bakarra errespetatzen ikastea eta harekiko kontzientzia hartzea ditugu oinarri.
Ingurua libreki esploratuz eta ikertuz, natura eta jolasa baliabide hartuta, adinari dagozkion edukiak barneratzen laguntzea eta bidelagun aritzea da helduaren paper nagusia.
Gizakiok, gorputza eta buruaz gain, bihotza ere badugu eta sentitutakoa adieraztea dugu txikienekin helburu. Kuttuna bihurtu nahi dugu euskara, gertukoa eta egunerokoa.
Euskararako zubi lana egin nahi genuke eta noski, erein eta erein egin behar da horretarako. Emaitzak azkar eta berehala ikusi nahi izateak sortzen duen antsietatea saihestuz, hainbat kasutan, euskarara jauzi goxoa egitea ekarriko duela ziur gaude.
Goxotasuna, samurtasuna eta babesa eskaini nahi ditugu poza eta umorearekin batera. Guk, helduok, gutxiago hitz egin behar dugu eta gehiago entzun, ilusioz eta euskaraz beteriko ahotsak babestuz.
Komunikazioa lehenesten dugu, haurrak hizkuntzarekiko jarreran bidelagun gaitu eta hizkuntzarekiko harreman afektiboan eragin behar dugu.