Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara iristean, nerabezaroan sartzen dira ikasleak bete-betean. Beraien nortasuna garatzen ari dira; duela gutxi umeak ziren eta, orain, heldutasunerako bidean, kontraesanez beterik daude. Esperientzia berrien gose dira eta hortxe gauzkate gu, beraien bidelagun.
Geurean, heziketa euskalduna da noski eta kultura aniztasunarekiko jarrera irekia lantzen dugu. Gure ikasleak eleanitzak dira: euskara eta gaztelaniaz gain, ingelesa eta hautazkoa den frantsesa ikasten dituzte. Hori gutxi balitz, DBHko 3. mailatik aurrera History ikasten dute; gizarte ingelesez, alegia.
Konpetentzietan eta integrazioan oinarritutako pedagogia jarraitzen dugu, hau da, ikasleek egoera errealetan finkatutako erronkak gainditzen ikasten dute. Izan ere, ikasitakoa bizitzako hainbat egoeratan erabil dezaketela ikusteak, haien motibazioa piztu ohi du. Konpetentzia digitala garatzeko, Chromebooka erabiltzen dugu eta, hori guztia aurrera eramateko, EKI digitalak platafoma bikaina eskaintzen digu.
Dena den, gure hezkuntza ez da ikasgelara mugatzen. Ikastolaren kokapena ezin hobea da eta, parajeaz gozatzeaz gain, zaintza eta behaketa zuzeneko jarduerak egiten ditugu naturarekin dugun harremana indartzeko eta hobeto ezagutzeko.
Elkarbizitza da gehien lantzen dugun ataletako bat; bai egunerokoan eta baita sarritan egiten ditugun irteeretan ere. Horrez gain, ikasle, guraso eta irakasleen arteko komunikazioa etengabea da.
Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietan murgilduta bizi dira DBHko ikasleak, portatilean dituzte liburu digitalak, baina horrez gain, etorkizunerako baliabidea zaie: etengabe eguneratu behar dira, bere erabilpena mugatzen ere ikasi behar dute, noiz eta nola erabili eta zertarako.
Horretarako, jasotzen duten informazioa kritikoki irakurtzen irakasten zaie eta, hori erronka handia da gure ikasleentzat.
Beraiena da konpetentzia digitala eta horretan etengabe eguneratzea.
Natura gizakia garatzeko dugun gunea da eta, Herri Ametsa Ikastolak, itsasoa eta basoa bizilagun ditu. Argi dugu kokagunearen xarma aprobatxatu behar dugula eta DBHn batzuetan egunsenti ederraz egiten dugu sarrera Ikastolara, bestetan, aldiz, tximistak ditugu ikusgai, baita urtxintxak ere zuhaitzetan gora eta behera.
Egoera horien aurrean, gelatik atera ohi gara marraztera, entzutera... Horrez gain, eguzkitan goxo egoten gara, baita gerizpean ere: jolasean, irakurtzen, gitarra jotzen… Eta ez ditzagun ahaztu talde lanak; aukera ezin hobea izaten baitugu faunaren zein landareen bilduma egiteko edota antzezlanak zein bideoak grabatzeko.
Bizitza hutsa da daukaguna, edozein ekintza burutzeko.
Herri Ametsa Ikastolako helburu nagusietako bat ikasle euskaldunak eta euskal kulturari atxikimendua diotenak lortzea da.
Euskara da gure ardatza eta euskal kultura gure hezkuntzaren abiapuntua dela sentiarazteko zein gozatzeko, Euskal Etxera joaten gara ikasleekin, Azkue Fundaziora, baita Arantzazura ere, Euskal kulturaren bateratzaile eta euskara batuaren sorlekura.
Horrez gain, gure egunerokoan euskaraz bizi gara eta bidelagun DET Taldea izaten dugu. Urtero, borondatezko ikasleez osaturiko taldea abian jartzen da eta gure hizkuntzaren babesle direnek hizkuntzarekin jolastera, dibertitzera... bultzatzen gaituzte.